BAI borobila gatazka politikoa konponduko duen prozesuari. Eta horretarako ezker abertzaleak proposamena luzatu dio herri honi eta espainiar Estatuari: marko demokratikorako proposamena. Egun indarrean dagoen esparru politiko eta instituzionaletik abiatuta, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garairako erabakitze eskubidean oinarrituriko autonomia politikoa proposatzen duena. Lau herrialdeon etorkizuna erabakitzeko eskubidea bertoko herritarren esku egongo dela bermatzen duena. Proiektu politiko guztiak, gurea barne, gauzagarri egiten duena. Euskal lurraldeen arteko harremanak elkarrekiko errespetuan eta borondate demokratikoen batuketan oinarritzen dituena. Ezin dugu onartu beste behin ere berearekin atera daitezen, beste behin ere PSOE, PP eta EAJ'k bakeari ateak ixtea, Argelen egin zuten moduan, eta berdin Lizarra Garazin. Herri honetan gehiengo erabatekoa gara konponbide demokratikorako prozesua nahi eta exijitzen dugunak eta ezin diegu onartu aurkako norabidean eraman gaitzaten. Badago modu bat beren jarrerak aldarazteko, maiatzaren 27an elkarrizketa prozesuarari baiezko borobila emango dion herritar uholde bat osatuz.
BAI borobila Euskal Herriari. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoak osatzen dute gure herria, ez da asmakizun bat, ez da utopia bat, gu gara, gure buruak euskalduntzat ditugunak, gu guztiok osatzen dugu Euskal Herria. Eta behin betikoz onarpena eta errespetua eskatzen ditugu, bakea lortzeko bide bakarra baita honakoa. Dei bat luzatzen diegu, beraz, herri honetako abertzale guztiei, siglen gainetik, argi uztera maiatzaren 27an euskaldunok nazio bat osatzen dugula: Euskal Herriari baiezko borobila emanez.
BAI borobila erabakitze eskubideari. Herrien autodeterminazio eskubidearen urraketa dago euskal gatazkaren oinarrian, eta soilik demokrazia eta askatasuna, soilik erabakitze eskubidea garatzetik eraiki daiteke elkarbizitza baketsua. Beste modu batera esanda, soilik oinarrizko printzipio demokratiko bati helduz egin daiteke aurrera: proiektu politiko guztiak dira posible eta egingarriak, herri honen gehiengoaren babesarekin kontatzen badute; horrela soilik da posible gatazkaren konponbidea. Honakoa guztiz oinarrizko kontua da, herri honetako gehiengoak onartzen duena eta gehiengo honi zuzentzen gatzaizkio, maiatzaren 27an argi eta garbi herri honetara bakea ekarriko duen demokraziari, erabakitze eskubideari, baiezko borobila eman diezaion.
BAI borobila instituzio demokratikoei. Bai PSOE'k bai EAJ'k hauteskunde ez demokratikoak inposatu dituzte, instituzio ez demokratikoak behar dituztelako, azpijokorako instituzioak, beren buruak inoiz salduko ez ditugunon kontrolik gabeak, soilik horrela inposatu bait ditzakete beren proiektu politiko eta sozial ez demokratikoak. Egoera honen aurean, erantzun argi eta garbia luzatu behar diegu Euskal Herriko demokrata guztiek BAIEZKO borobila emanez.
BAI borobila bakeari. Esperantza itzali nahi dutenei ez dutela aurrera egingo esan behar diegu: ezezkoaren fronteari baiezkoaren fronte herritarrarekin erantzun behar zaio maiatzaren 27an. Gaur, duela 70 urte bezala, herri honek ezin duela demokrazia eta bakerik gabe bizi argi uzteko garaia da. Bakea posible da, soilik herri honen baiezko borobila behar du, behin betikoz ezezkoaren orma behera botako duen baiezko borobila.
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire